EZBERDINAK GARA, EZ AXOLAGABEAK
Activistas contra el acoso

Hitz Egin Dezagun Bullying-az

Zer da bullying-a edo eskola-jazarpena?

Esan dezakegu bullying-a ikasle batek edo ikasle-talde batek denbora-tarte luze batean ikaskide baten aurka burutzen duen tratu txar fisiko, psikologiko edo ahozkoa dela.

Burutzen dutenek, bere boterea bestearekiko ezartzeko egiten dute, mehatxu, oldar, irain eta baita laidoen bitartez ere, ikasturte osoan zehar erabateko domeinupean edukitzeko helburuaz. Oro har, eta biktima gainerako ikaskideengandik isolatuta dagoenez, jazarpena isilean pairatzen da; hori dela eta oso zaila da guraso edo irakasleek garaiz antzematea.

Bullying-motak

  • Fisikoa: ostikoak, bultzadak, kolpeak objektuekin... Ikaskidearen aurkako oldar zuzen guztiak dira, baina zeharkakoak ere izan daitezke lapurretak edo biktimaren objektu pertsonaletan kalte materialak eragiten dituztenean.
  • Ahozkoa: hitzek botere handia daukate eta jazarpena pairatzen duen ikaslearen auto-estimua urra dezakete, irain, ezizen, mespretxu, umiliazio, mezu edo dei oldarkor eta abarren bitartez. Jazarpen-motarik ohikoena da, eta biktimarengan bakarrik uzten du aztarna.
  • Psikologikoa: beldurra eragiteko helburua du, mehatxuen bitartez, biktimari nahi egin ez dituen edo egin behar ez dituen gauzak egin arazteko.
  • Soziala: jazarpena egiten dutenek biktimari ikaskideen artean normalak diren ekintzetan parte hartzea galarazten diotenean agertzen da, gutxikako isolamenduari lagunduz.

Zein da egungo egoera?

Eskola-jazarpena gizarte-baldintza guztietako haurrei eragiten dien errealitatea da, desgaitasuna izan ala ez, ikastetxe pribatu zein pubilkoetakoak izan eta zenbait hezkuntza-ziklotan ikasleen %4ri ere eragiten diena, Hezkuntza Ministerioaren arabera.

Egia da jazarpenari aurre egiteko beharraren inguruko kontzientziazioa geroz eta handiagoa dela, eta gelan haren aurka borrokatzeko ekimenak gora egiten ari direla, baina zenbait azterketek islatzen dituzten datuak kezkagarriak izaten jarraitzen dute.

  • ANAR Fundazioaren arabera (Arriskuan dauden Haur eta Nerabeentzako Laguntza), eskola-jazarpen kasuak %75 hazi dira azken urte honetan, eta haurren %30,7k dio ez diela gurasoei ezer esaten.
  • Eskola-jazarpena pairatzen duten adingabeen %10 baino gehiagok desgaitasunen bat daukate (ADECCO Fundazioaren datua).
  • Asperger-sindromea daukaten ikasleen %60k eskola-jazarpena pairatzen dute (servimedia.es).

Hortaz, ezin esan dugu eskola-jazarpena kontu isolata denik; aldiz, gure gizarteak ezikusiarena eginez albora utzi ezinezko errealitate zabaldua da.